ONDDOAK GARBITZEKO ERA

Beharrezkoak

  • Laban txiki bat
  • Zatar heze bat

Errezeta


Kaxa edo paketetik atera eta onddoen prezioan harri kopuru ikusgarri bat saldu digutela frogatuko dugu. Hosto, intsektu eta zikinkeriaren bat ageri badute itsatsirik, leun saiatuko gara garbitzen. Oin lurtsua moztuko diegu ondoren, lurrez, hondarrez eta harri xeheez josia egoten baita. Txapelak eta zurtoinak bereiziko ditugu ondoren. Banan-banan ipiniko ditugu onddoak xukatzeko ontzian, sekula ez ditugu beratzen utziko, eta banan-banan garbituko ditugu, uretan bustitako zatar batez. Horrela, guztiak garbitu arte. Esporak oso heze, bigun edo lizundurik badaude, hatzez marruskatuz edo labana mutur batez kenduko ditugu. Inoiz ez ditugu beratzen jarriko, belakiak bezala hanpatu eta zuku ugari isurtzen dutelako sutan maneatzerakoan.

Zurtoinak, zuritu eta txapelekin batera maneatu ahal izango ditugu, errezetaren arabera. Pikatu, salteatu edo, xerra mehetan moztu eta gero, gordinik jango ditugu, entsalada bateko hostoen artean.

Ilunak dira onddo hoberenak, pinukoak deitzen direnak. Erosten baditugu euri eta eguraldi kaxkarretan jasoriko onddoak, oso heze egongo dira eta astunagoak izango dira. Halatan, tratu onera iritsi beharko dugu tokatutako onddozalearekin, prezio egokia lortu nahi izanez gero.



Iruzkinak

Zer iruditu? Ondo atera zaizu?