PIPERMORROAK ERRETA

Osagaiak

  • 15 pipermorro gorri
  • Baratxuri-buru 1
  • Oliba olio zorrotada bat
  • Gatza
*Lau pertsonentzat

Errezeta


Piperrak uretan garbitu eta xukatu. Osorik utzi, ez zurtoina, ez haziak, ez ezer kendu gabe. Baratxuri aleak askatu burutik, eta azal eta guzti utzi. Pipermorroak eta baratxuriak laberako xafla batean paratu eta gatz pixka batez parparreatu ondoren, olio zorrotada on bat bota gainetik. Ongi oratu, olioz blai egin daitezen, eta ur pixka bat jarri azpialdean. Sartu labean, 200 graduan, eta eduki han 45en bat minutuz, eginda daudela eta zuku urrekolorea atera zaiela ikusi arte. Kontuz gehiegi erretzearekin, lehortzen badira ez baita amaren semerik azala kenduko dienik. Labetik kanpo epeltzen utzi, eskuartean eroso erabiltzeko moduan, eta, orain bai, kendu azala eta haziak. Erretzean atera zaien salda iragazkitik pasatu eta piper errearen zerrendei bota. Baratxuri erreak berreskuratu, azala kendu eta piperrei gehitu. Hoztu gabe eta gatz pixka bat emanda jan ditzakegu, edo hoztuta, entsaladan, hutsik edo nahi dugun edozein hornigairekin.



Zer iruditu? Ondo atera zaizu?