Osagaiak
Errezeta
Gopor batean, gurina ipini eta hagaxka elektrikoen bitartez joko dugu segundo batzuetan, azukre-hautsa erantsi eta gero. Jo ostean gaineratuko ditugu arrautzak banan-banan eta, bi arrautza jo aldiko, ximiko bat irin, orea min ez dadin. Esentzia pixarra erantsiko dugu ondoren. Arrautzak erantsi eta gero, langar finean nahasiko ditugu irina eta legamia. Leun-leun geratuko zaigu orea.
Ondoren, kontu handiz erantsiko ditugu espatula batez elur-puntuan harrotu eta tinkoturiko zuringoak, eta fruituak, dadotan moztuak (irinetan igurtziko ditugu aurrez fruta-dadoak eta irin soberakina kenduko diegu ondoren, hondora eror ez daitezen).
Orea irauliko dugu orduan gurinez igurtzi eta irinez hornituriko moldeen barruan. Bi hatz utziko ditugu libre, labetik ateratakoan moldea erraz atera ahal izateko. Arbendol xerrez estali ondoren, labean edukiko ditugu moldeak 50 bat minutuan, 160º-ko tenperaturan. Labealdiaren erdialdean edo, azaleko ziztada bana egingo dugu oreen gainaldean, oreak eroso garatu eta plum-cakeen erdiko tontor tipikoa era dezan.
Pastelak erdi eginik egon arren kolore bizia duela ikusten badugu, aluminio-paperaz tapatuko dugu. Labetik atera eta epeldu denean, azukrea hautseztatuko dugu pastelaren gainetik. Epel xamar edo hotz jango dugu plum-cakea. Laranja edo abrikot marmeladarekin eta te edo kafe beroarekin, izugarrizko askaria egingo dugu plum-cakearen eskutik.